XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Picasso dala-ta....

Picasso, Guernica ta Zerok izan ziñaten salakuntza.

Gipuzko Aurrezki Kutxa'ren ardurapean Picasso'ren omenez erakusketa bat izan berria dugu Donostia'n.

Picasso abizena aipatze utsak alakoxe itzal nabaria sor oi dunez, ez da arritzeko 15 egunetan 42.000 ikusleren emana izan dala jakitea.

Oietako bakoitzaren iritzia jakin ba'geneza...! Neroni ere bospasei aldiz joan nintzaion, omenez ezezik len ez ikusiren bat agertzen ote zitzaidan eta... bai, ezpairik gabe, urdin naiz larrosa aroan edo-ta beste ainbeste ekiñetan mamitutako zenbait lanen bitartez irabazitako ospe nabaria ez da utsaren truke lortua noski.

Iñolaz ere ez ordea, beste iñoz ez bezelako jeiñu ta orrelako andiputzkeritan mozkortzeko ez lilluratzeko.

Esate baterako, Guernica dalakoa erti-lan bezala aztertu nai izan ezkero, ez zaio sustarrik arkituko; bakoitzak bere arira jo bearko du.

Bestalde, Gernika'ko arratsalde urrikarri artan ikus-entzundako egazkiñen egazkada zaratatsu, lerkaien txistu beldurgarri, su ta ke arteko orma-erortze, oiñaze-asperapen mingotz, abere naiz giza-korputz zati txirtxillatu ta zera ta zera geiago irudimenez bederik nabaitzeko gauza danak, bai, orrek ulertu ta senti ditzake karraxi izugarrien oiar eta oroitz antzo azalduko zaizkion irudi oien esanaia ta zergatia.

Beraz, Guernica, soil-soillik, karraxi garratz aiek irudi-antzez jasoa dala esango nuke.

Dana-dala, Picasso izena erti-mail goienetara igoa dala agiri-agirian dagoenez, bere nortasun nabaria uka-eziña zaigu.

Gaur egun berriz, gure Gernika'rekin zerikusi aundia duan ezkero, berorretzat jarduteko une egokia dirudi.

Gure dalako ori ordea, Madrid'en bereganatua dutelarik...; 1937 urte-asieran Mola jeneralak Bizkaia errautsiko zuala oiukatu zuanean, noren izenean egin zuan oiu?.

Gobernu zapaltzaillearen izenean.

Nazitarren Condor sailleko egazkin, naiz egazkariei bidea erakutsi zietenek ere, Mola ta bere kidekoak izan ziran.

Bestalde, ordea, demokrazi-errigintza zabaltzen eta sendotzen joango dan giro berean, jendearen irizpidea ere argiago ta biribillago gerta daiteke; bai salatu al izango ere Euskalerriaren kaltez egindako ainbeste bidegabekeri.

Oietako bat, ez txikiena, Gernika'ko errauste izugarria.

Mola jeneralak eta bere kidekoen asmatu, burutu ta nazitarren laguntzaz aurrera eramandako izugarrikeri ura.

Bere kaxa bezala sortuko dan salakuntza, zorrotza ta gogorra izango da: zuek, agintari zapaltzailleok, zerok izan ziñaten Gernika zapaldu, erre ta kixkali zenutenok eta zerok, lotsagabeki, zuen gaiztakeriaren agerpide nabarmenena agirian daukazutena.

Mundu guztiaren parragarri eduki ere!.

Beti bezala, tamalez, erru zital orren lotsakizuna jasan bear izango duana, españar erri gaixoa gertatuko da!.

AROZENA, Andoni.